HURA EZ DA LEKUA estreinaldia


KORRIKA KULTURALAk antolaturik, Metrokoadroka Sormen Laborategiak HURA EZ DA LEKUA ikuskizuna eskainiko du estreinako aldiz ostegunean, otsailaren 24an, Oreretako Errenteria Hiria (Niessen) kulturunean 20.00etan.

Prozesua

Lau hilabetez luzatu den prozesuan sortu dugu HURA EZ DA LEKUA. Mahai gaineko lana egin dugu lehenik, taldekideok adierazi nahi genuena adostu eta testuak idazten hasteko; esperimentazio prozesua ostera, zeinean forma hartu duen ikuskizunak. Esperimentazio prozesu baten ondorioa da HURA EZ DA LEKUA, ikuskizun baten forma hartu duen emaitza. Azken urteotan ibili dugun bideari jarraipena emanez, arte diziplina ezberdinak jarri ditugu elkarrizketan oholtzaren gainean: bakoitzaren erritmoa, beharrak, lengoaiaren ezaugarriak eta nortasuna errespetatzen saiatu gara. Testuak emanaldirako izan dira sortuak, musikak hainbat testu biltzen dituen eszena eta soinu-paisaiak ekarri ditu, pinturaren arabera definitu dugu espazioa, espazio poetiko batean mugitzen den pertsonaia teatral baten istorioan laburbildu dira elementu denak.

Oinarrian dagoen ideia

Luzez hitz egin ostean, gogoeta komun batetik abiatu ginen parte hartzaileok: zoriontasuna, eta haren argitzalak. Oinarrizko sentsazioa hauxe da: zoriontasuna xedetzat izan behar dugula ikasi dugu, inoiz iristen ez diren utopien eta askatasunen zain bizitzen eta konformatzen. Nolabaiteko paradisu ateoan zain agian. Askatasuna lortu ala erabaki behar da? Itxaron ala eskuratu? Sentsazio horietan oinarriturik suntsitu dugu zoriontasunaren ideia, berriz ere hau eta orain den aukera batean topatzeko.

Ideia hori lantzeko hainbat azpi gai landu ditugu: zer den ez-jendea izatea, memoriaren garrantzia eta beharra, zoriontasun ‘osoa’rena baino zoriontasun ‘une’en kontzientzia, zoriontasunari beldurra, norberaren zirku intimoaren aldarria.

Nolakoa da zure zirku intimoa?

Ikusiko duguna

Atez ateko saltzaile bat, bere maletarekin: Josu Xabier Benito Betilekukoa. Zoriontasuna saltzen saiatuko da eta egunaren amaieran, lanetik etxerako bueltan, bere zirku intimoan barneratuko gara. Pintura, poesia eta musikaren bitartez ikusiko ditugu islaturik bere barne-ahotsak.