HURA EZ DA LEKUA disko-liburua argitaratu du Txalapartak




Hura ez da lekua ikuskizuneko ideietatik abiatuta diska-liburu bat sortu dugu, oraingo honetan narrazioa, ilustrazioa, poesia eta musika uztartuta, ikuskizunekoez gain bestelako pertsonaia, testu eta musika berriekin.

Eszenarako egiten den proiektu oro da bidai bat. Prozesuan gauza asko gertatzen dira, aurkikuntza ugari egiten da mapak erretzea erabaki ostean; prozesuaren bigarren parte bat hasi ohi da estreinaldia eta gero zeinean, adi eta gogoz egonez gero, gauzak topatzen jarraitzen ahal den, sortutako lanari eragiten dioten aurkikuntzak.

Horrelako zerbait bizi izan dugu Hura ez da lekua ikuskizunarekin, etengabe bilatzen, topatzen jardun gara ia bi urtez. Bilaketa horretan ugariak izan dira erabili gabe geratutako materialak, ideiak, irudiak. Eta garrantzitsuena dena: ikuskizunaren ibilbidea amaierara irisaten ari dela sumatzen badugu ere, taldekideon arteko sormen-grina bizirik dago.

Horrek eraman gaitu, disko-liburuaren proiektua sortzera, Txalapartako kideen ezinbesteko konplizitate eta babesarekin. Beste era bateko prozesuan murgildu gara hileotan, ikuskizunetik eratorritako iruditeria oinarritzat hartuz zeozer berria sortzeko xedez. Hitzak elkar trukatu ditugu, doinuak, irudiak, gure artean, orain irakurleekin; elkarlanean oinarritutako sormen lan bat egiteko beste behin.

Eta dagoeneko eskuetan dugu, duzue: hau da lekua.

Materialak:

Liburuko lehen orriak Txalapartaren webgunean
Liburuari buruzko kritika, Iraitz  Urkuloren eskutik

ENTZUN diskoa osorik
Gotzon Barandiaranek Irakurrieran saioan egindako elkarrizketa